Etxeratek egindako deialdiari jarraiki 200 lagun bildu ziren atzo Laudioko enparantzan amnistia eta askatasuna eskatzeko. Hilabeteko azken ostiralero egiten duten bezala, elkarretaratzea egin zuten. Kriseiluak lurrean jarrita, urte berriari ongi etorria emateko erabaki politikoengatik Espainiako eta Frantziako estatuko espetxeetan "bahituta" dituzten 8 laudioarrak izan zituzten gogoan (Oier Amorrortu, Aitor Kortazar, Alaitz Aramendi, Pablo Gorostiaga, Isidro Murga, Patxo Murga, Manu Gonzalez eta Julen Garcia), baita Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen duten 700dik gora lagunak ere.
Ekitaldian bertsoak, dantza eta suziriak izan ziren nagusi. Ondoren, brindisa eta zozketaren txanda iritsi zen. Horrez gain, urtarrilaren 8an Bilbon egitekoa den manifestazio nazionalera joateko deia luzatu zieten herritarrei.