Laudioko EPA ikastetxeak –helduen ikastetxeak- Laudioko Udalari eta Hezkuntza Sailari, aspaldi onartutako erreforma proiektua abian jartzeko eskatu die. Proiektuan, besteak beste, honako konponbideak aurreikusten dira: ikastetxearen sarbidea lekuz aldatzea, goi aldetik duen sarrera ixtea eta teilatuko sabai-leihoak egokitzea. EPAko kideek salatu dute ikastetxearen eremua itxi gabe dagoela eta ondorioz kalteak jasan dituela azken urteotan.
Ikastetxearen irisgarritasunaren mesedetan sarrera errepide ondotik egitea eskatu dute. Era horretan, ikasleek gaur egun baino errazago izango dutelako ikastetxera sartzea. Helduen ikastetxe honetara 300 ikasle baino gehiago hurbiltzen dira astero. Izan ere, 18 urtetik gorako ikasleei ikastaro ugari egiteko aukera ematen die EPAk. Jakinarazi dutenez, Udalak EPAk eginiko eskaera onartu du eta datorren urtean konponduko ditu ikastetxearen gabeziak. Horretarako, 240.000 euro bideratuko dituzte egin beharreko obretara.