Udaleko oposizioko talde guztiek uko egin diote erabilera anitzeko aretoaren finantzaketa eskatzeko Madrileko Kultura Ministerioan alkateak deitutako bilerara joateko gonbiteari. Horrela, EAJ bakarrik gelditu da datorren urtarrilaren 11n izango den bileran.
PSEk, PPk eta Ezker Abertzaleak, arrazoi ezberdinak direla medio, uko egin diote finantzaketa eskatzea helburu duen bidaia honetan Udal Gobernuarekin batera joateko proposamenari.
PSEk "debaldeko bidaia" dela uste du, eta gonbitea egiteko modua kritikatu du
PSEk bere aldetik, “debaldeko bidaia” dela uste du. “Alkateak alderdiek sinatutako dokumentu bat eramatea aski zen, nahiz eta egia esatera, PSE izan zen bere garaian Altzarraten eraiki asmo duten aretoari babesa eman zion talde politiko bakarra” adierazi du Txaro Sarasua eledun sozialistak. Era berean bilerara gonbidatzeko moduak kritikatu ditu.
Ezker Abertzaleak kultur plangintza integral baten beharra azpimarratu du
Ezker Abertzaleak jakinarazi du ez duela Jon Karla Menoio alkateak eskatu bezala Latiorroko antzoki edo eraikin balioanitza eraikitzeko Madrilera dirua eskatzera joateko asmorik. Alderdi honen iritziz, gobernu taldearen asmoa Espainiako Ministerioaren aurrean balizko batasun bat agertzea da.
Prentsa ohar bidez adierazi dute ezker abertzalea hasieratik egon dela proiektu zehatz honen aurka, “filosofiagatik, prozeduragatik eta informazio ezagatik”. Alabaina, adostasuna adierazi dute Laudiok eraikin balioanitz bat izateko duen beharrarekin. Dena dela, ezker abertzalearen iritziz, eraikin batek ez du herri honek kultura mailan dituen arazo eta gabeziak konponduko. Hargatik, kultura politika eta plangintza orokor baten ezinbestekotasuna azpimarratu dute.
Salatu dutenez, ohiko prozedura beharrak aztertu eta horren araberako eraikina egitea izan beharko luke. “EAJk alderantziz egin du, lehenengo eraikina diseinatu. Ez dituzte bertan izango diren jarduerak zehaztu. Horrela balitz, zergatik ezkutatzen dizkigu beste alderdioi eta herritarrei?”. Era berean, kritikatu dute Amurrioko antzokiaren balioa 2-3 milioi eurokoa izan zela, Laudiokoarena 15 milioi eurokoa den bitartean.
Alderdi honen arabera, egitasmoak zalantza ugari sortzen ditu. “Ez dakigu nortzuk eta zertarako erabiliko duten, Latiorroko auzokideek lekurik izango duten, Lamuza parkeko taldeak bertara eramango dituzten, zer egingo den udaletxe zaharrean…zelan defenda genezake ezagutzen ez dugun proiektu bat? ”, azaldu dute.
Kulturak behar duen bultzada izan dezan, politikak “oso” eta “orokor” batek eraikitako “Antzoki Berri” baten beharra aldarrikatu dute, Laudioren beharrak, gabeziak eta aukerak aztertuz konponbide globala eskainiko duena. “Kultur taldeekin, Lamuza parkearekin, liburutegiarekin, auzoetako kultur etxeekin, gaztetxearekin, Gastronomia Museoarekin… zer egin daitekeen denen artean eztabaidatu, adostu eta finkatu egingo duena”.