Ikasteko ez dago adinik. Hori dela-eta, aitita-amamentzako euskara ikastaro bereziak antolatu ditu Laudioko Udalak. Izaskun Miñano euskara zinegotziaren hitzetan, helburua ez da goi mailako euskara ikasketak egitea, helduenek ere bilobekin euskarazko oinarrizko elkarrizketak izatea baizik. "Erritmo apalagoa da, eta, horregatik, edonork parte hartzekoa".
Eskolak urtarrialren 10ean hasiko dira, eta ekainaren 22an bukatu. Astelehen eta asteazken guztietan bilduko dira 17:00etatik 19:00etara interesa duten herritarrak. Guztira, 46 eskola egun eta 92 ordutako tailerra jasoko dute. AEKko Berbots euskaltegia arduratuko da arlo akademikoa eta kudeaketa aurrera eramateaz. Matrikulak 149,04 euro balio du. Dena dela, Miñanok azpimarratu du, ikasturte amaieran eskola orduetan %85eko asistentzia dutenei ordaindutakoa "osotasunean" itzuliko zaiela. Izen-ematea Berbots euskaltegian bertan egin beharko da: "Zubiaur kaleko 5. zenbakian edo 94626722 telefono zenbakian".