Gabonak ate joka daude. Olentzero, abenduaren 24an Aiaraldeko etxeak bisitatzeko lanean. Hargatik, ikazkinen bisita jasoko dute datozen egunetan txikienek eskualdeko herri eta auzoetan.
Laudioko Ugarte auzoan, esaterako, Kirikiño aisialdi taldearen tailerretan eta trikitilarien laguntzaz bihar bilduko ditu haurren gutunak ikazkinak. Bildu bakarrik ez, ezen eta hurbildutakoei opari bat banatuko baitie Olentzeroren mezulariak.
Arakaldora, larunbatean gerturatuko da ikazkina. Amurrion, berriz, abenduaren 23ra arte itxaron beharko dute. Dena dela, Olentzeroren etorrerak ikuskizun bat utziko du opari: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Ongi etorri pupu eta lore!" emanaldia. Bihar izango da Irrien Lagunak klubeko jarraitzaileen zita, Bañueta kiroldegian 18:00etan. Igandean, ordea, 16:30ean APDEMAko gaixoekin egotera hurbilduko da Olentzero. Amurrioko gainontzeko umeek abenduaren 23an izango dute euren eskaerak helarazteko aukera. Izan ere, 17:00etan Patata Tropikala taldearen "Mendiko altxorra" ikuskizunaren ondotik, ikazkinek Olentzerorerantzat idatzi eta margotutako gutunak eramango dituzte.