Ikasle Abertzaleek deitutako herri eskoletan 30 lagun inguru bildu dira. Laudioko Udal Lanbide Heziketa Eskolan eta Amurrioko Zaraobe institutuan burutu ziren atzo ekimenak. Helburua, abenduaren 6a, Espainiako Konstituzioaren eguna jai egun arrotz eta inposatua dela salatzea da.
Aiarako ikasle abertzaleek herri eskoletan burututako hitzaldietan hezkuntza sistema nazionalaren beharra aldarrikatu dute. Izan ere, diote, gaur egungo hezkuntzak ikasleen eskubideak urratu egiten ditu. Laudioko Udal Lanbide Heziketa Eskolan, esaterako, euskaraz ikasteko eskubiderik ez dagoela kritikatu dute. "Zuzendaritzarekin batzarrak egiten ari gara euskaraz ikasteko eskubidearen alde, baina ez omen dugu eskubiderik". Gaineratu dutenez, bertako erdi eta goi mailako ziklo guztiak gazteleraz daude.
Bestalde, euskal kurrikulumaren beharraz ere mintzatu dira. Adierazi dutenez, Euskal Herria eta hezkuntza asebetetzeko burututako kurrikulumak pedagogia askatzailea du oinarri. 2003an ekin zioten zazpi lurraldeak eta ikasleen eskubideak aintzat hartuko zituen sistema zirriborratzeari, eta 2008an bukatu zen prozesua. Ikasle Abertzaleen iritziz, euskal kurrikuluma txertatu beharko litzateke Aiarako ikastetxeetan. Herri eskolei amaiera emateko kontzentrazioa egin zuten bai Laudion eta bai Amurrion.