Sahara eta Euskal Herria banatu bezain elkartuta daude. Horren adibide da gaur arratsaldean Laudio Ikastolako hamar-hamabost lagunek Saharara abiatzeko duten asmoa. Helburua Bucraako eskola eraikitzen laguntzea da. Hegazkina hartu aurreko orduetan, haiekinegoteko aukera izan du Aiaraldeak.
Gaur arratsaldean hartuko duzue Saharara joateko hegazkina. Zertara zoazte?
Elkartasun bidaia bat da eta zentzun horretan ezin daiteke esan oporraldi batera goazenik. Funtsean lan egitera goaz hara, Saharan dagoen Bucraako eskola margoztu eta liburuak eramatera. Halere, izango ditugu aisi tarte batzuk inguruak ezagutzeko erabiliko ditugunak.
Zein da bidaia honen helmuga?
Ba ideia duela bi urte inguru sortu zela esango genuke, izan ere, garai hartan antolatu zuten ikastolako ikasleek lehen bidaia Saharara, Jon Bengoetxea irakaslearen laguntzari esker. Esperientzia hau behin baino ez da egin eta gaurtik aurrera berau errepikatzeko asmoarekin goaz Tindufera. Gaurtik hasita datorren asteko ostiralera arte izango gara han. Jende kopurua ez da oso handia izango, izatez ez da hamabostetik pasako seguruenik.
Zer gustatuko litzaizueke hemendik hara eramatea? eta handik hona ekartzea?
Ba hemendik zerbait eramatekotan materiala izan beharko da halabeharrez. Eurentzat behar-beharrezko direnak daramatzagu, kasu honetan ikastolak gastua egin du, gurasoen laguntzaz, liburuak eta material didaktikoa biltzeko. Guk, bestalde familiei emateko arropa, janaria, lurrinak, jostailuak eta beste hainbat gauza daramatzagu.
Bestalde, nik handik gauza ez materialak ekartzea nahiko nuke, esperientzia bera alegia. Baina argi asko dago gure senitarteko eta lagunentzat oparitxoren bat ekarri beharko dugula halabeharrez.