Laudioko Udala herriko argiztapena hobetu asmoz proba batzuk egiten ari da Pio XII kalean. Esperimentuak LED izeneko bonbilak erabiltzean datza, Juanjo Unzaga ingurumeneko zinegotziaren ustetan argi gehiago prezio gutxiagoren truke ematen baitute. "Kale erdiari bonbila berriak jarri dizkiogu, eta beste erdia zegoen horretan utzi dugu, alderaketa egiteko". Emaitza, ordea, ez da espero zutena izan: "argi kontsumoa %75 jaistea nahi genuen, baina bonbila berriekin lortutako argia zuriagoa da, eta ez dirudi intentsitate asko duenik".
Iazko martxoan herriko semaforoak berritu zituzten eta antzeko bonbilak ezarriz hobekuntza lortu zuten: iraupen luzeagoko argitasuna eskaintzea auto eta oinezkoei.