Laudioko Perretxikozaleen Elkartea mikologia astean murgilduta dago. Horregatik, gaur hasi eta astelehena bitarte perretxikoak izango dira herriko patroi Laudion. Hitzaldiekin batera, perretxiko aleak biltzeko mendirako irteerak antolatu dituzte larunbat eta iganderako. Herriko tabernak ere mikologiaz jantzi eta zizekin osatutako pintxo eta kazolak eskainiko dituzte. Izan ere, Pintxo eta Kazola Mikologikoen Lehen Lehiaketan lehiatuko dira. Arrañope tabernan, esaterako, txerriz egindako mokadu urtua onddo kremaz lagunduta prestatuko dute, Ilargin "txio hamabi" izenekoa, eta Iluntzen plantxan zigortutako txipiroia eta perretxiko txapela. Kazolen artean, deigarria da Ametsa jatetxeak aurkeztu duen foie, barazki eta itsas airearekin zapo eta boletusez egindako bolatxoak. Sari eta opariak azaroaren 4ean 19:00etan banatuko dituzte Euskal Gastronomi Museoan.
Astelehenean, azaroak 1, Perretxikozaleen Laudio Elkarteko XXX. urteurrena ospatuko dute. Goizeko hamarretatik aurrera; fosil, mineral eta egurrezko perretxiko erakusketa; perretxiko dastaketa, trikitilariak zein XI.Mikotopaketa eta elkarteko urteurrenaren bukaerako bazkaira izango da. Zubi honetan, beraz, Mikologia Astearen ondorioz, perretxikoek mendietatik plateretara egingo dute salto.