San Adriango tunelean (Araia, Araba) egindako indusketa arkeologikoen emaitzak ezagutzeko aukera izango dute igande honetan herritarrek. Izan ere, Udaleko Euskara Arloak Sar ezazu hanka programaren barruan kokatu du euskaraz mintzatzea helburu duen txango berria. Alfredo Moraz Aranzadi Elkarteko indusketa zuzendariarekin egingo dute ibilaldia, eta Frantzia Espainiarekin lotzen zuen bide garrantzitsuenetako bat, Lizarrate, bisitatuko dute.
Lapurren uneoroko arriskua, eskale nekaezinak, sorgin akelarreen kondairak eta beste mila istorio bilduko dituzte pagadien artetik igarota zeharkatuko duten tunel ikusgarrian. Euskaraz jarduteko gutxieneko konpromisoaren truke bost euroko prezioa du irteerak. Bonoak Arrañope tabernan jarri dituzte, eta argibideetarako euskara@laudiokoudala.net helbidea edo 944034890 telefonoa dituzte eskura.