"Gazte altxa, atxilotuak askatu" lemapean GaztEHerriak deitutako mobilizazio egunari ehunka lagun batu zaizkio Aiaran. Amurrion eta Laudion manifestazioak egin ziren atzo goizean, 40 eta 60 lagun bildu ziren Fernando Grande Marlaskaren aginduz pasaden ostegunean Espainiako Poliziak atxilotu zituen hamalau gazteak aska ditzaten eskatzeko. Gogoratu zuten, gazteak inkomunikatuta izan dituztela eta horrek tortura ahalbidetzen duela. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak zabaldu duenez, Segiko kide izatea leporatzen diete, eta inkomunikaturik eman dituzten bost egunetan tortura fisiko eta psikikoak jasan dituzte. Hamalau atxilotuetatik hamairu, Soto del Real eta Alcala Meco espetxeetara bidali ditu epaileak. Marina Sagastizabal arabarra, ordea, aske geratuko da 10.000 euroko finantza ordaindu ostean.