Ehundaka kirolari batu dira La Granja kiroldegiaren barruan gaur, praktikatzen duten kirola gainontzekoei erakusteko. Euskadiko kirol federazio desberdinen egunerokoa egun batean islatzea du helburu Euskal Herriko Kirol Federazioak antolatutako jaiak. Lamuzako La Granja kiroldegia izan dute bilgune, eta bertan aritu dira probintzia desberdinetako xake, hipika, karate, tawekondo, squash, surf, ping pong, eskalada eta beste zenbait kirolen ordezkariak.
Euskadiko Kirolen Federazioaren erabakiz, Kepa Acero eta Juan Jose Ibarretxe ohorezko gonbidatuak kirol desberdinak ikusten ibili dira. Eguraldiak, baina, ur azpiko hockeyari ez bezala kalteak eragin ditu, eta Lamuza frontoiko gunean ikusgai zeuden kirolak zein euskadiko pilota federazioaren erakusketa La Granja kiroldegiko kafetegira aldatu behar izan dute. Aldaikoerreka plazan, hockeya eta halterofilia partiduak egon dira. Bertaratu direnak kirol desberdinak probatzeko aukera izan dute. Surfaren txokoan, esaterako, Kepa Acero surflaria egon da. Eguerdian jarri dute Jon Karla Menoyok eta Juan Jose Ibarretxek Euskal Kirolaren Eguna Laudion ospatu dela oroitaraziko duen monolitoa.
Atzo eman zitzaion hasiera Euskal Herriko Kirolaren Egunari, eta besteak beste kayak, polo eta gimnasia erritmikoko erakustaldiak egon ziren kiroldegian. Ruben Bueno antolatzaileak eguna positibotzat baloratu du. Datorren urtean Bizkaiak hartuko du Kirolaren Egunaren lekukoa.