Maitane Bande (1987, Laudio) Laudio Metal Elkarteko kidea da. Gardea auzoan, Karrika jatetxearen inguruan daukate lokala. Kontzertuak antolatzen hasi, eta elkartea sortzen bukatu dute.
Noiz eta nola sortu da Laudio Metal Elkartea?
Laudio Metal musika Elkartea nire koadrila osoaren ideia izan da. Lokal berria hartu genuenean, 2009ko abenduan, guztion asmoa zen pabilioi hori kontzertuak emateko erabiltzea. Nire koadrilan ia guztiak heavyak dira eta ez garenoi musika mota hori entzutea ere gustatzen zaigu, orduan koadrila osatu genuenean izen hori jarri genion. Eta elkartearen kontua oso erraz azalduko dizuet, gu lokalean sartu ginenean hasieratik hasi ginen kontzertuekin eta jaiekin. Horretan arazorik ez izateko erabaki genuen elkartea sortzea.
PABILIOI HANDI BAT DUZUE. ZER AURKI DAITEKE BERTAN?
Bai horixe, oso leku handia daukagu gure kontzertuak eta gure jaiak antolatzeko. Batetik eszenatokia daukagu...hori bai, gure eskuekin eraikitakoa! Kontzertuetara datozenentzako tabernatxo moduko bat ere daukagu baina aulki eta mahaiekin kontzertuak lasai ikusteko eta lagunekin patxadan egoteko baztertxo bat ere badaukagu. Baina ekintzak dira lokaleko garrantzitsuena, noski! Edozein motatako musika kontzertuak antolatzen ditugu, hori bai, heavy-arekin zerikusia badute hobeto...eta zure urtebetetzea bertan ospatu nahi baduzu edo jai bat antolatzeko, etorri gurekin hitz egitera!
ZEIN DA ZUEN HELBURUA?
Edozein talde berri ezagutzera emateko aukera ematen diogu jendeari. Hori da gure helburu nagusia, baina Laudioko kultura mugitzea ere nahi dugu. Gure herrian jendea beti dago kexatzen ez dagoela ezer egiteko edo ikusteko, beno ba, hemen gaude Laudio Metal Elkartea.
ELKARTE BERRI BAT IZATEAK ZER DITU GEHIAGO, ARAZO ALA ABANTAILAK?
Egia esan, elkarte ofizial bat sortzea ez da gauza erraza, lehenik paper asko mugitu behar direlako eta bigarrenik guretzako, koadrila bezala, gauza berria delako. Gauza da hasieran arazotxo batzuk izan genituela herriko taberna batzuekin, baina elkartea sortzerakoan arazo horiek desagertu ziren. Eta gainera elkartea izanik jendeak konfidantza gehiago jartzen du zuregan eta gauzak serioago hartzen dituzte. Beraz gure esperientziagatik elkarte bat sortzeak abantaila gehiago ditu arazoak baino. Baina hori bai, asko lan egin behar da guk lortu duguna lortzeko eta hori nire koadrilari eskertu nahi diot.
AURRERA BEGIRA, ZEN DA ZUEN ASMOA?
Urriaren 23an Profundis Tenebrarum + Dantalion + Bloodoline + Tetraplegium taldeek joko dute, eta azaroaren 27an Foscor, Aiumen basoa eta Nakkigak taldeek. Gure asmoa oso argi dago: ahalik eta urte gehienetan aurrera jarraitzea. Oso gustokoa zaigu kontzertu baten ondoren jendeak zoriontzea egiten dugunagatik, eta horregatik batik bat nahi dugu honekin jarraitzea.