Txirrindularitza aitzakiatzat harturik, bi arrazoi izango dituzte kirol horren jarraitzaileek Amurriora gerturatzeko urriaren lehenengo hamabostaldian. Izan ere, larunbat honetan, urriak 9, jokatuko da BTT zirkuituko Arabako txirrindulari eskolen proba. Lau kategorietako gazteak neurtuko dira: benjaminak baino txikiagoak, benjaminak, alebinak eta infantilak. Lehiaketa Reforreko kirol instalazioetan egingo da goizeko hamaiketatik aurrera. Antolatzaileen esanetan, Araba osoko 120 gazteren parte hartzea espero da.
Alforja eta guzti
Bestalde, urriaren 17an, Amurrioko Txirrindularitza Klubak alforjen bizikleta martxa antolatu du. Adierazi dutenez, ibilbide erraza prestatu dute eta hamaiketakoa zein indaba jana eskainiko diete parte-hartzaile guztiei. Hitzordua goizeko bederatzietan Amurrioko kioskoan izatea ebatzi dute, eta ez da egongo izena emateko beharrik. Honetaz gain, gaineratu dute, bizikleta martxari atxikitzen zaion pertsona bakoitzari ekimenaren logotipodun kamiseta bat oparituko diotela.