Atzo izan zen Lazarraga Sarien banaketa Gasteizko Bibat museoan. Lau sail desberdinetan, Aiarako hiru enpresa izendatu zituzten hautagai duela aste batzuk, eta atzo, Laudioko JEZ enpresari eman zioten Lazarraga Saria. Hain zuzen ere, euskara sustatzeko ekintza eraginkorrak garatzeagatik. Era honetan nabarmendu dute JEzek euskararen alde egiten duen apustu nabarmena.
Urtean zehar marrazki lehiaketak, trenbide maratoi eta lasterketak, irteera kulturalak zein bestelako ekintzak burutu dituzte langileak euskararen eremura ekarri asmoz. "Euskararen eremura bi ardatz hartuta bideratu dugu Kultura Agenda, batetik euskararekin eta euskal kulturarekin zer ikusia duten ospakizun edo ekintzak gehituta. Eta bestetik, aurrez egon diren ekintzak euskarara ekarri dira, alegia euskara sartu da bai deialdi, kartel eta ezaugarrietan ere. Adibidez futbol partidua euskara plana duten bi enpresen artekoa izan da aurten, JEZ eta Gometegui, eta euskaraz aritzeko motibazio ekintza izan da."
JEZ Sistemas Ferroviarios enpresak 2009an eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria, eta "bidean" maila du, hots, euskararen normalizaziorako ekintzak egokitzen dituzte.