Juanjo Unzaga Udaleko obren zinegotziak iragarri duenez, Latiorro ikastetxera sartzeko bidea aldatzeko asmoa du Udalak. Helburua oinezko eta ibilgailuen segurtasuna hobetzea da. Izan ere, ehundaka auto eta gizabanakok zeharkatzen dute egunero ikastetxerantz doan bidea. Asmoa errepide hori norabide bakarreko bilakatzea da. Era horretan, ikastetxeko sarrera eta irteera orduetan trafikoa arintzea espero dute.
Lanak adjudikazio egoeran egonagatik, Unzagak ez du azaldu nork eramango dituen aurrera, baina, jakinarazi du 120.000 euro bideratuko direla proiektu horretarako. Besteak beste, errepidea norabide bakarreko bilakatzearekin batera, Latiorro ikastetxeko autobus geltokia lekuz aldatuko dute. Era berean, ikastetxea inguratzen duen hesia zabaldu egingo dute autoen eta ezinduen aparkaleku izatera pasatzeko. Egitasmoak urte asko eman ditu burutu ezinik ikastetxeko lehengo gurasoen elkarteak azaldutako desadostasunengatik.