Alderdi politiko eta jendarte eragileek iritzi ezberdinak adierazi dituzte Euskal Jaiaren inguruan

Irailaren 25ean ospatuko da Euskal Jaia. Egun berean bi jai izango dira protagonista nagusiak: Udaleko Euskara Arlotik bultzatutakoa eta Jaiak Koordinadoraren ekimenez sortutakoa. Bakoitzak bere argudioak baliatuz, laugarren urtez antolatu den jaiarekiko atxikimendua edo errefusa agertu dute.

Irailaren 25ean ospatuko da Euskal Jaia. Egun berean bi jai izango dira protagonista nagusiak: Udaleko Euskara Arlotik bultzatutakoa eta Jaiak Koordinadoraren ekimenez sortutakoa. Bakoitzak bere argudioak baliatuz, laugarren urtez antolatu den jaiarekiko atxikimendua edo errefusa agertu dute.

Batetik, Jaiak Koordinakundeak Larrazabalera egingo duen ibilaldian parte hartzeko deia luzatu du udalari hausnarketa egiteko eskatuz. “Datorren urteko Euskal Jaiak aldaketa oinarrizkoak behar ditu: besteak beste, euskararen alde agertu nahi duten laudioar guztiei ateak ireki behar zaizkie, batzorde irekia eratu behar da jaia antolatzeko, bazkarian leku kopurua handitu, prezioa murriztu eta jaia prestatzeko orain arte erabilitako dirutzaren gastua arrazionalizatu”, adierazi dute.

Bestetik, Euskara Arloak berretsi egin du euskal jaiaren zilegitasuna prentsa-ohar baten bidez.

Erreakzio ezberdinak

Txaro Sarasua PSE-EEko Udal zinegotziak bere blogean babesa agertu dio udalak antolatutako ekimenari: “Irailaren 25a jai giroan eta euskararekiko bizikidetzan” igarotzeko desioa agertu du. “Euskararen erabilera sustatzea da jai honen helburua”, bere esanetan. Arkupeetan egingo den bazkariaren inguruan, PSE-EEk uste du euskaraz hitz egin eta euskal jantziz bertaratzea ez direla inposaketa, egunarekiko helburuak lortzeko antolakuntza-batzordeak adostutako bidea baizik.

Ezker Abertzaleak, bestalde, prentsa oharra bidali du euskal jai ireki eta parte hartzailea aldarrikatzeko. Alderdi honen arabera, “udalak aurrerapausoak eman beharrean antzinako eredu itxi eta autoritariora bueltatu da, euskara eta kultura eragileen hitza albo batera utziz eta bere erabakiak inposatuz”. Euskal Jaiaren antolakuntzaren funtzionamenduarekin desadostasuna agertu du: “Euskal Jaia, Euskara Arlotik antolatzen diren gainerako gauza guztiekin egiten den bezala, arlotik antolatuko da eta bertan soil-soilik hartuko dira erabakiak. Teknikariak, egoki deritzonean, aholkuak eskatuko ditu. Horrela eragileen eta herriaren hitza, proposamena eta borondatea alde batera utziz”. Haatik, ezker abertzaleak eredu parte-hartzaile baten inguruko hausnarketa eta beharra plazaratu dute hiritarren parte hartzea premiazkoa dela gogoraraziz.

Jon Karla Menoio Laudioko alkateak, Laudio Irratian egindako adierazpenetan euskara arloko lana defendatzearekin batera euskararen normalizaziora bidean interesak baztertu eta herritarren batasuna eskatu du. Era berean, Euskara Arloko arduradunaren lana baloratu eta goraipatu du, Udalak euskararen alde egindako apostua irmoa dela nabarmenduz. “Euskara bezalako gai baten inguruan norabide berean murgiltzeko garaia da”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide