Felix Mugurutza ( Laudio, 1965 ) Euskara Arloko teknikaria da. Irailaren 25ean, hots, Euskal jai egunean euskaraz hitz egin eta jantzi tradizionalak jartzeko deia egin die herritarrei.
"Uztatzeko ereiten" lelopean Irailaren 25ean, euskal jaia ospatuko da Laudion. Zeren festa izango da?
Aldi berean bi puntu ospatzen saiatzen gara. Batetik, Alkateen hautaketa historikoak leku horretan egiten zirela Done Mikel egunean (hortaz irailaren bukaeran egitearena) eta bestetik euskararen egunarena, bilera haiek euskaraz egiten zirelako. Horregatik egun horretako bazkarian euskaraz egitea eskatzen da eta jantzi tradizionalekin jantzita joatea bestetik, nolabaiteko ukitu historikoa eman nahi zaiolako jaiari.
Dakizuenez, Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzen da. Baina data hura erabaki zen garaian, Eusko Jaurlaritza exilioan zegoen Hego Amerikan, hau da, bertako udan. Baina Laudion antolatzen genituen gauza guztiak oso baldintzatuta zeuden eguraldi txar eta hotzarekin. Horregatik planteatu zen Euskararen Eguna egutegiko beste "toki" batera eramatea.
Iaz sekulako arrakasta izan zuen euskal jaiak. Aurten ere harrera bera espero duzue?
Iaz ez ezik, urte guztietan lortu du arrakasta itzela. Aurtengoa ikusiko da, parte ez hartzeko gonbiteak daudelako, jai paraleloak eta abar. Arrakasta da hain zuzen ere Euskal Jaia kolokan jartzen ari dena. 20 laguneko bazkari bat balitz ez zen inor ohartuko baina arrakastatsuegia da, politegia, eta guztiek eraman nahi dute euren aldera.
780 pertsonatik 400 laguneko bazkaria izatera pasako da. Zer dela eta?
Azkeneko bazkarian 780 pertsona egon ziren, iaz. Baina Institutuan egin genuen, azken orduko erabaki batez. Baina leku horretan ezin daiteke jendea sartu, ezaugarriengatik, ez duelako horrelako kopururako baimenik. Bestela esanda, debekatuta dagoela. Eta elizpean berriz egitea erabaki zen Euskal Jaiaren antolakuntzarako sortu zen lan taldean. Alderdi politikoen artean ere ez zen kontrako bozkarik izan eta onartu zen.
Saio batzuk egin dira baina hiru puntu ezarri zuten aurrera egiteko Euskal Jaiarekin: a) lekua ez mugatzea. b) bazkariaren prezioa 10 eurotik 5era jaistea (amaierako egiazko prezioa, mahaiak eta abar barne 20 eurokoa da) eta c) Euskara ez exijitzea bazkarian parte hartzeko, baztertzailea delako.
Irailaren 25tik aurrera Euskara Arlotik uzta jasotzen jarraitzeko, zer ereingo duzue?
Asko dira Euskara Arlotik azken boladan mugitzen ari diren proiektuak, inoiz baino arrakasta handiagoa ari dira lortzen eta, neurri batean, erreferente bihurtzen ari dira beste euskal teknikari askorentzat. Ni teknikari lanpostu honetan nagoenetik (10 urte) esan dezaket "urrezko garaia" dela berau. Lan txikiak baina eraginkorrak. Zarata gutxi baina aurrerako urratsak. Beti aurrera... Ea Euskal Jaiarena konpontzen den guztion jaia izan dadin. Hori bai, euskara bitarte, euskaraz egiteak ez duelako inor baztertzen.