Amurrioko Artzain Egunaren Batzorde Antolatzaileak jakinarazi duenez, Udalak atsekabea adierazi du Artzain Egunaren ospakizuna aurrera ezin eramanagatik. Duela 19 urtetik, irailaren hirugarren asteburuan ia-ia hutsik egin ez duen hitzordua izan da egun handi hau. Helburua, abeltzaintzaren sektorea bultzatzea, ardigintza ezagutaraztea eta artzainei egindako lana aitortu eta omentzea da. Hala, iaz, UAGA sindikatua eta SERGAL erakundeak Arabako Foru Aldundiak otsoaren kudeaketarako planean hartutako erabakiengatik azokari boikota egiteko eskatu zuten eta Artzain Eguna ez zen ospatu.
Amurrioko Udalak 30.000 euro bideratzen ditu egun horren ospakizun-lanetarako. Antolakuntza egokia izan dadin, ekaina iristearekin batera, Udala D.O Idiazabal, Artzai Gazta, UAGA, Sergal, Aztarna, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Vital Kutxarekin elkartzen da. Era honetan lortzen dute herriko produktuak, artisaugintza...finean, 100 pertsonatik gora koordinatu eta Artzain Egunean milaka herritarren parte hartzea.
Aurten, baina, iaz UAGA eta Sergalek salaketa gisa egindako plantoa mantentzen zutela ikusita ez da ekainean Artzain Egunaren inguruko bilerarik egin. Alabaina, uztailaren 20an Arabako azoketan aurrera eramandako boikotari amaiera ematea erabaki zuten protestaren bultzatzaileek. Amurrioko Udalaren iritziz, hilabeteren buruan ez dago behar beste denbora azoka behar bezala antolatzeko "ezta Artzain Egunak merezi hainako arrakasta izateko aurrekonturik ere". Izan ere, krisi ekonomikoa dela eta diru-laguntzak murriztu behar izan dituzte, Artzain Egunaren plantoa dela medio aurrekontu hori beste konpromiso batzuk betetzeko bideratu baita. Haatik, Udalak azaldu du derrigortuta ikusi duela bere burua hamazortzigarrena izango zen edizioa ez antolatzera.
Dena dela, Udalak argi utzi du datorren urtetik aurrera Artzain Eguna behar bezala ospatzen jarraitzeko baldintzak izatea espero duela "gure lurraldeko artzain guztiei babesa eskainiz abeltzaintza eta ardigintza sektoreekin lanean jarraitu nahi dugu, hamazazpi edizioetako protagonista izan direnak beste hainbeste edizioetan bultzatuz eta maitatuz".