Lehenengo txanpa pasatuta, aste honetan Artziniegako Jaiek ez dute etenik. Eguaztenean Arteko Andra Mariaren jaieguna ospatuko da, patroiaren eguna, eta barikutik aurrera asteburua bete-beterik dator, izan ere, bigarren asteburu hau izan ohi da asteburu handia Artziniegako jaietan. Barikuan bertan koadrilen ohiko afaria egingo da Barrenkalen, eta horren ostean musika izango da protagonista nagusia, Izate Faltsua, Zergatik Ez eta Lendakaris Muertos taldeen kontzertuekin.
Zapatuan Arteko Landan egiten den herri-bazkari jendetsuaren txanda izango da, bertan hainbat ekitaldi egingo dira: txinga-eroate txapelketa, kutxa kutxaren gainean… betiko lez, zazpi eta erdietan Arteko Landatik hirirainoko jaitsiera egingo da eta gazteek buelta emango dute alde zaharretik ur eske. Arratsaldeko pilota-partiduen ostean, Arizgoiti eta Amaiur taldeen musikak girotuko du Garai Plaza ordu txikietara arte. Jaiak domekan amaituko dira, baina amaierako bolanderak bota aurretik ez da arnasa hartzeko astirik egongo: marmitako eta tortilla txapelketa, txirrindulari lasterketa, mus-txapelketa, koadrilen arteko herri-kirolak… egun borobila jaiei eta udari datorren urtera arte esateko.
Badakizue beraz, etorri, gozatu eta parte hartu!