Mada Lado, pregoilaria: “Txupinarekin emakumeak merezi dugun leku eta balioa eskuratzeko garra piztu nahi dut"

Mada Lado (Laudio, 1960)da Laudioko jaietako txupina jaurtiko duen lehen emakumea.  Laudioko emakume guztiak isilpean egindako lanaren ahotsa izango da abuztuaren 15ean. Hiru egun falta badira ere, txupinarekin batera emakumearen sentimendua lehertzea nahiko lukeela dio.

 Zu zara aurtengo pregoilaria. Zer da hori zuretzako?

Mada Lado (Laudio, 1960)da Laudioko jaietako txupina jaurtiko duen lehen emakumea.  Laudioko emakume guztiak isilpean egindako lanaren ahotsa izango da abuztuaren 15ean. Hiru egun falta badira ere, txupinarekin batera emakumearen sentimendua lehertzea nahiko lukeela dio.

 Zu zara aurtengo pregoilaria. Zer da hori zuretzako?

Ohore bat. Ni ez naiz feminista baina herri honetan badirudi emakumeok egunero erakutsi behar dugula edozertarako balio dugula. Gizonezkoek ez dute horren beharrik, jaiotzetik barneratzen dugulako beraien balioa. Nik, parekidetasunean sinetsi eta berdin balio dugula pentsatzen dudanez ohore bat da emakumearen irudia izatea pregoilari. Txupina botatzera ni igoko naiz, baina emakume guztiak dira aurtengo protagonistak. Niretzako emakumea ez da lan egiteari utzi edo soldata duena, baizik eta soldatarik gabe ere jaiotzen den momentutik berdin balio duena. Emakumeak erreferentzia handia izan dira etxe guztietan, ez etxeko lanak egiteagatik baizik eta etxea zein etxekoak aurrera eramateagatik. Gaur egun, emakumeak lantokian eta lantokitik kanpo  lanean jarraitzen du eta ez zaio inoiz eskertu, lan guzti hori itzalean geratu da. Niretzako zoriontsu egoteko arrazoi bat da emakume guzti horien ahotsa izan ahal izatea. Izugarria da.

 Zer esan dizute zure ingurukoek pregoilari izendatu zaituztela kontatzean?

Laudioko emakume eta gizon askok zoriondu egin naute, baina etxean denetarik entzun dut. Erabakia asko pentsatu dut. Hasieran Udalari ezezkoa eman nion, ez nuelako nire irudia emakumeen ordezkari ikusten, baizik eta emakume bat gehiago bezala. Orduan, emakumeek beren herri eta kulturaren defentsan itzalean egiten ari den lana bultzatu nahi zutela esan zidaten, ez ni. Horregatik soilik eman nuen baiezkoa, baina ni ez naiz emakumeago sentitzen pregoilari izateagatik.

 Zer gustatuko litzaizuke piztea txupinarekin batera?

Emakumeon batasun eta emakumeak merezi dugun leku eta balioa eskuratzeko garra. Baina batez ere emakumeari emakumea izateaz harro egoteko sentimendua. Eta noski, etorkizuna gazteak direnez gazteriak euskal kulturan eta hizkuntzan oinarrituta elkarrekin aurrera egiteko beharra.

 Jaiak Koordinakundeak txupinazo garbiaren aldeko deia zabaldu du. Ez zara arrautzek zikintzearen beldur?

Ez, ez dut beldurrik. Horregatik pregoilari izateko baldintza bakarra jarri dut: txupina jaurtitzean orain dela urte batzuk udalak balkoia kristalizatzeko hartutako erabakiaren kontra nagoenez, manpara hori kentzea. Niretzako lotsagarria da udalak herritarrenganako distantzia markatzea, errespetu falta bat da hori. Nik emandako pausuaren bitartez muga hori betiko desagertzea espero dut. Nire ustez jai koadrilek izan behar dute protagonista, azken finean horiek dira jaia piztu eta piztuta mantentzen dituztenak.

 Zein izango da pregoiaren bitartez herritarrei zabalduko diezun mezua?

 Eginda daukat baina etzi irakurriko denez ezin dut nahiko nukeena oraindik zabaldu . Esan dezakedan bakarra da emakumeari gizartean dagokion lekuari begira enfokatua dagoela. Hau da, ez dela gizona baino gehiago, baina ezta gutxiago ere.

 Done Errokeren omenez, Roketxu txakurra izango da jaietako protagonista. Laudioko santu bakarrak txakurrak al dira?

Karkar. Ez, Laudion dagoen santu bakarra eliza barruan dagoena da.

 8.000 emakumeren tokia beteko duzu udaletxeko balkoitik. Zer dute faltan emakumeek Laudion?

Bere burua gehiago maitatzea. Ez dakigu gure burua baloratzen.

 Kofradia Egunean, 1599tik aurreneko aldiz, emakumeak Kofradeen bazkarian parte hartzeko aukera izango dute. Emakumeen ordezkaria den pregoilaria han izango al da?

Mahai horretan eseri ahal izateko Kofradea izan beharra dago. Ni ez naiz kofradea, beraz, gonbidapen bat jaso ezean ezingo naiz bertan bertan egon.

 Lan ala jai, zer egiteko asmoa duzu aurtengo jaietan?

Pregoilari izatea lan gisa aitortzen bada lan, bestela jai.

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide