Laudioko Udalak eta Udaltzaingoak genero indarkeria kasuetan nola jokatu jakiteko protokoloa abiatu dute. Dokumentua alderdi politikoen erabateko babesarekin onartu da udalbatzan. Era honetan, adierazi dute indarkeria sexistaren biktimei behar hainako arreta eta kalitatea eskaintzeko baliabide eta koordinazioa hobetu dutela. Adostutako lan ildoaren bitartez, edozein herritarrek erasoen aurrean udaltzaingoarengana jotzeko eskatu dute, salatzearekin batera babestua sentitzeko. Hala, biktimari dagozkion eskubide eta aukera judizialen berri emango zaio. Jakinarazi dutenez, egoera pairatu dutenei, behar izatekotan, osasun zerbitzuetara lagunduko zaie. Era berean, mediku baten arreta jasotzeak arrisku fisikoa ekarriko balu, babes poliziala izango dutela ziurtatu du Laudioko Udalak.