Esti Gorostiaga (Laudio, 1968) da Laudioko Kofradiaren Historian abuztuko azken igandeko bazkarian izango den lehenengo emakumea. Gorostiagaren hitzetan, 18/98 sumarioagatik Herrera de la Manchan preso dagoen Pablo Gorostiagak, hots, aitak, animatu zuen bazkarian parte hartzeko izena ematen. Bere presentziarekin, emakumeekiko diskriminazioa eta arrazoi politikoengatik euskal preso politikoen ausentzia azaleratu nahi du.
1599.urtetik Kofradeen bazkarian parte hartuko duzun aurreneko emakumea zara. Zer dela eta erabaki duzu pausua ematea?
Ni bazkari honetan parte hartzearen asmoa nire aitarengandik sortu zen. Herrera de la Mancha-ko lokutorio penagarri batean aitaren irrifarra aurrean nuela… eskaera bota zidan: ea bere islada edo lekukoa izan nintekeen anaikideen bazkari horretan! Urduritasuna eta ikararen gainetik , harrotasunez beterik baietz erantzun nion. Bisita denbora oso murriztua da, 40 minutu besterik ez, eta kofradiaren batzarra hurrengo egunean bertan zenez… bat bateko erabakia bezala ulertu daiteke. Emakume izateagatik aukeratu ninduen aitak, bere 3 seme-alaben artean, noski. Bera horren aldekoa izan da eta oinarrizko eskubide hori benetan errealitatea bihurtu dadin ziurtatu nahi izan du.
Zer da bertan esertzearekin mahaigaineratu nahi duzuna?
Bi arrazoi edo motibazio izan dira bultzatu nautenak eta horiek dira benetan mahaigaineratu nahi nituzkeenak; oinarrizko eskubideen urraketa bietan: emakume izateagatik diskriminazioa, batetik, eta euskal herritarra izateagatik errepresaliatua, aitaren kasua, bestetik. Horren oihartzuna izatea izango zen nere nahi nagusia.Herrian maitatua eta errespetatua den persona baten falta somatzean ,zelan dagoen galdetzen digutenean, nire erantzuna zera da: indartsu eta kementsu, noski: harro, kolektibo baten partaide… Baina ezin isildu jasaten duten politika penitentziario deitutako hori: dispertsatuak, isolamendu barruan oraindik isolatuagoak , berdin dio gaixotasun larria izatea, berdin adinekoa izatea, bizi baldintza onartezinak dira dauzkatenak… eta abar luze batez hitz egin ahalko genuke.Baina non atera daiteke honen ahotsa? Edo oihua?. Murriztu nahi dizkigute honen islada izan daitezkeen eremu guztiak, debekuak eta kriminalizazioa besterik ez dugu topatzen…Nik aitaren irudia izateko aukera eduki dut, une batez, eta bere istorioak suposatzen dituen aldarrikapen guztien islada izatea nahiko nuke.
Kofradeen bazkaria baztertzailea dela diote zenbait herritarrek. Hala al da zuretzako?
Orain arte ez dut gogoeta gehiegi egin gai honi buruz. Iritzia edozein gaiari buruz eduki , badut , baina horrtarako lehenik eta behin informatuago egon beharko nintzateke. Punturik argiena: “emakumea bazinen ezin bazkarian egon” ba al dago hori baino baztertzaileagorik?. Ulertezina dirudi 2010. urtean honelakoak ikusteak, agian hain sineztezina iruditzen zaigunez sensibilitate falta bat egon daiteke herrian gai honi buruz (ni barne).
Kofradiaren istorioan Historia egin duzu. Zelan gustatuko litzaizuke amaitzea istorioa?
Normaltasun osoz , aurrera begiratuz, ilusioz. Pauso positibo guztiak txalotu behar diren bezala, txalotuz. Kofradiari begiratuz, pertsonalizatu gabe: emakumeak bertan egon badaitezke, 2010ean zentzuak irabazi du, besterik ez. Pablok ondo erakusten digunez, koherentziaren istorioa izango delakoan nago.