Aiarako Udalak abuztuaren 8rako Hondarribiara joateko (Gipuzkoa) egunpasa prestatu du. Herri Giroa azokaren aitzakiapean, nekazal eta artisauen produktuetaz, txistualari eta bertsolarietaz gozatzeko gonbita luzatu die herritarrei. Euskal Kulturaz gain, baina, hondartzan freskatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Prentsa ohar batean adierazi dutenez, autobusa goizeko 8tan abiatuko da Llantenotik eta Menagarai, Arespalditza, Murga eta Luiaondon geldiunea egingo du.
Hondarribiara joateko asmoa dutenak, aurreratu dute, abuztuaren 5aren aurretik Arespalditzan dagoen Aiarako Udaletxean eman beharko dute izena. Baldintza, Aiaran erroldatua egotea da, eta 6 euro ordaindu beharko dira. Hamasei urtetik beherakoak, ordea, 3 euro ordaindu beharko dituzte, eta Aiaran erroldatuta ez daudenak 12 euroko diru sarrera egin beharko dute 2097-0258-92-0111960754 Vital Kutxan. Autobusaren erdia bete ezean ez da ibilaldirik izango. Alabaina, Aiarako udalak jakinarazi du irailaren 17an, San Millan de la Cogolla eta Najera herriak bisitatzeko txangoa egongo dela.