Jalen zaparrada ezin gelditu dabil Aiaraldea. Astez aste, auzoz auzo santu ezberdin batek zirpistintzen baitu eskualdea. Fededun izan edo ez, asteburu honetan bi santuren magalean hitzorduz bete zaigu agenda. Santiago egunaren zaleek, Urduñako Txarlazo mendian egunpasa ederra egiteko aukera izando dute. Santa Anaren eskaintza gogokoago dutenek ostera, Aretan geldiunea egiteko behar beste arrazoi eta aitzakia izango dituzte.
Izan ere, Aretako Jai Batzordeak adin guztientzako denentzat adina ekimen prestatu ditu. Jaiak, ostiralean hasiko dira, eta 18:30tatik aurrera Kirikiñoren eskutik umeentzako tailer eta jolasak egonog dira Aretako parkean. Txupina 20:00tan jaurtiko dute, eta horren ondoren bertsopoteoa abiatuko da auzoa girotzen. Gauean, Deabruak Teilatuetan eta Trikizio taldeen kontzertua izando da txosnagunean.
Musika eta jai eskaintza baina, ez da egun bakarrera mugatu. Aretako jai batzordeak, auzoko jaiak indartu asmoz apustu sendoa kaleratu baitu aurten. Larunbatean, esaterako, Herri Kirolen ikuskizun paregabea prestatu dute. Bertan, Euskal Herrian maila gorenean dauden protagonistak eskualdekoekin batera neurtuko dira, neskak ere. Gauean berriz, Itziarren Semeak eta Triki ta Ke musikarien emanaldia entzungai izango duzue. Igandean ordea, urtero bezala, bi eta lau hankako astoak bilduko dituen ASTO LASTERKETA antolatu dute. Aiaraldeko astorik onena zein den jakiteko beraz, badakizue, asteburu honetan Aretara!