Amurrio, Urduña eta Laudioko gazte independentistek gaur Ozaetan hasi eta igandean Agurainen amaituko den Araba Martxan parte hartzeko deia egin dute. Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, helburua Independentzia eta Sozialismoaren aldeko gazte olatua biltzea da. Arabako gazte independentistek iragan astean egin zuten Lizarrateko kobazuloan agerraldia. Besteak bestse, feminismo eta bertso tailerrak, jolasak, afari herrikoia, krisiaren inguruko hitzaldia eta kontzertuak izango dira.
Igandean Agurainera joateko deia
Aiarako gazteek, bestalde, igande honetan Araba Martxarekin bat egiteko eskaera egin diote Aiarako gazteriari. Nabarmendu dutenez, antolatu eta borrokatuz bandera gorria astintzeko garaia da "Hezkuntza sistema euskalduntzekoa, etxebizitza eskubidea eskuratzekoa, prekarietatea salatzekoa, euskaraz eta autogestioz Aiara astintzekoa...". Haatik, gogorarazi dute, independentzia dela gazteei dagozkien eskubideak berma ditzakeen proiektu bakarra eta Estatu espainol eta frantziarraren gerra estrategiari aurre egiten jarraituko dutela. Era berean, gazteen konpromisoa eskatu dute Independentzia eta Sozialismoa amets bat izatetik errealitate izatera igaro dadin.