Arespalditzako zeharbidea konpontzeko lanak burutzeko lehiaketari bidea eman dio Arabako Diputazioak. Lanak, udazken honetan hasiko dira eta zortzi hilabeteko epean amaituta egon litezkeela aurreratu dute bultzatzaileek. Egitasmo honetarako, 1,33 milioi euroko aurrekontua hartu du beregain Diputazioak: Garraio eta obren Sailak 959.000 euro jarriko ditu, Lan eta Zerbitzu foralen Planak 242.000 € eta Arespalditzako Kontseiluak 130.000 €.
Era honetan, adierazi dute, Arespalditza eta Luiaondoko oinezkoen eta gidarien segurtasuna handitu egingo dela. Izan ere, A-624 eta A-3622 errepideetako galtzadak 6,5 metro izatetik 7 metroko zabalera izatea ekarriko du proiektuak. Honezaz gain, A-3622 errepidean galtzada eta bazterbideen hedapenaz aparte, herriguneraino joango den gune berdea eraikiko dute.