ELA sindikatuak ez du onetsi LAB, UGT, CC.OO eta VTR sindikatuek Tubos Reunidoseko langileen egoera hobetzeko hartutako erabakia. Prentsa ohar batean jakinarazi dute, sindikatuek 2009, 2010 eta 2011 urteetarako adostutako akordioak lan jardun finkoa suntsitu eta behin-behineko lanpostuak ugaritu egiten dituela.
ELAkoen iritziz, gainontzeko sindikatuen erabakiak "karta txuria" eskaintzen dio enpresaren zuzendaritzari lanpostuak amortizatu ditzan erreleboko kontratu bidez. "Honek esan nahi du, behin behineko kontratua duteneta kontratatzeko zain dauden langileak ez direla lanpostu mugagabea izatera iritsiko, baizik eta behin behineko gisa jarraituko dutela". Gaineratu dute, ez dutela ulertzen nola LABek Tubos Reunidoseko bi erregulazio expedienteak ukatu dituenean nola onartu duen lan finkoa suntsitu eta behinbehinekotasuna handitzen duen akordioa. Honetaz gain, ELAk kritikatu du sindikatuen arteko azkeneko asanblada orokorra. "Enpresako plantillari aurrez abisatu gabe, asanblada orokorra bilera erabakiorra bilakatu zuten, hitzordura agertu ez ziren plantillaren gehiengoa kontutan hartu gabe".
LAB sindikatuaren jarrera
Bestalde, LABek argi utzi du onartutako hitzarmenari esker langileen eskubide sozial eta laboralak hobetu egin direla. “Azken akordio honi esker enpresarekiko negoziaketetan aldaketak somatzen ari gara”. LABek hitzetan hitzarmenean soldatetan IPC + 1-eko igoera, EPSVrako enpresak egin ditzazkeen ekarpenen ugaritzea, Gaueko txandetako plusa, euskara lantegian txertatzeko plana, genero berdintasunaren plana eta aurrejubilatzeko aukera gauzatu ahal izango da. Tubos Reunidoseko LABeko ordezkaritzak, ELAk egindako adierazpenen harira zehaztu du aurrejubilatzeko dauden 83 langile behin behineko langileengatik ordezkatzen ari direla, baina akordioan zehaztu eta bermatu egiten dela beraien lan egoera finkoa izatera pasatuko dela. Gaineratu du, negoziaketa mahaian ELAk ez duela parte hartu izan “are gehiago, negoziaketak boikoteatu eta ELAko plantillakoak desmobilizatzeko apustua egin du. Interes propioengatik soilik mugitzen dira”. Haatik, harrituta agertu dira ELAkoak argitaratutako prentsa oharrarekin. “Tubos Reunidoseko hitzarmena irizpideen adostasunagatik sinatu da, ez sindikatuen arteko paktuagatik”. Tubos Reunidos Espainia mailan soldatu gabeko tuboen industrian ekoizpen handiena egiten duen enpresa da. Talde enpresariala ondorengoek osatzen dute:Tubos Reunidos Amurrio, Productos Tubulares, Inauxa, TR Lenz, Almesa...Krisi garai honetan ere, Tubos Reunidos Taldeak 234.491 milioi euroko irabaziak metatu ditu azken lau urteotan (2006-2009).