Pasaden astean egindako asanbladan, Lateorroko auzotarren bilguneak trengeltokiko sarbidean egiten ari diren lanak nola geratu aztertzen ari direla jakinarazi zuen. Sargune berrirako obrak martxan dira dagoeneko, eta aurki hasiko dira eskailera mekanikoak jartzeko abian.
Auzo Asanbladak gogor kritikatu du udalaren jarrera, ez baitio beraren eskaerari kasurik egin ez eta beraien proposamenak aintzat hartu. Salatu dutenez, Udalak inprobisatuz jokatzen dihardu. Horren adibidetzat jo dute jartzekoak diren igogailua, zeina Desgaitu Fisikoen elkartearen eskariz hartu duten ezartzeko erabakia: "Proiektuan eskailera mekanikoak jartzeak ez zuen barrera arkitektonikoak kenduko zirela adierazten". Auzokide hauen aburuz, igogailua jarri behar duten tokia onartezina da. Renfeko kableteriarekin gertatu dena ere ekarri dute gogora. Hain zuzen ere, hartutako jokabidearen ondorioz, tren garraioaren komunikazio kableen agerpenak gune gardenik ezin egotea ekarriko baitio auzoari. Honen aurrean, Lateorroko auzokideek funikular tankerako igogailu bat jartzea proposatu dute, eskailera mekanikoekiko paraleloki joango litzatekeena.
Obrak, E planaren bitartez Espainiako Gobernuak diruz lagunduko ditu, eta hala izateko, sei hilabeteren buruan, 2010eko abendurako bukatuta egon beharko lukete eta 1.800.000 euroko kostea izango dute. Hori dela eta, Jon Karla Menoyo Laudioko alkateak jakinarazi zuen Lateorroko sarbidea hobetzeko proiektua gelditu edo atzeratzea arduragabetasun seinalea litzateke, E planaren bidezko laguntza ezingo bailukete jaso eta horrek Udalari konplikazio ekonomiko handia suposatuko liokeelako. "1,8 milioi euroko lagutnza jasotzeak abendauren 31rako buakatuta egon behar dutela esan nahi du, hots, sei hilabete barrurako".
Lateorroko Auzo Asanbladak iragarri du, lanak gelditzeko lanean jarraituko dutela, eta Udaleko zinegotziengana joko dutela babes eske beraien eskaerak aintzat har daitezen. Apirilaren 26ko Udalbatzan PSE-EEren babesa jaso zuten. Auzokideen alternatiba, trengeltoki azpiko tunelaren hormen inpaktua murriztea, arrapala ikusgarritzea, Guardian inguruko aparkalekuak handitzea, eskailera mekanikoak aplikazio garden bidez babestea eta auzoko gune berdeak erabilgarri izan daitezen aldapak moldatzea da.