Uda beroaren urtaroa bada, ez da eguzkiagatik bakarrik, eguzkiak eguna berotzen duen bezala, jaiek giroa berotzen baitute. Horregatik, oso arrunta izan ohi da egunez zein gauez masaila gorrituak ikustea. Batzuenak, suaren inguruan dantza egiteagatik gorritzen dira. Beste batzuenak, eztarria freskatzearekin berotzen dira.
Gorritu ala ez, Aiaraldean asteburu honetarako zitak ez daude berde. Aingerua ala deabru azaltzea norberaren esku eta airean dago, baina argi dago, uztailaren 2tik 4ra jaiez margotuko da zerua.
Alde batetik, Delikako jaiak ospatuko dira, eta beste aldetik Laudioko Sanpedropeko jaiak. Delikan, 14:30tan Herri bazkaria egongo da, eta arratsaldeko 5tatik aurrera Mus txapelketa. Izen emate 4.15tan izango da udaletxean,e ta 15 euro ordaindu behar dituzte horretarako parte hartzeko asmoa dutenek. 18:30tan briska txapelketari hasiera emango zaio, baina txikienek ere izango dute handi sentitzeko aukerarik. Izan ere, ordu berean, ume txikientzako jokoak prestatu dituzte. Gaueko 0:30tatik aurrera, Luhartz taldearen erritmora abiatuko da gaua, eta ondorengo Disko Festak emango dio hasiera goizeko 07:00tan egingo duten txokolatadari.
Laudion aldiz, duela urte gutxi arte bezala, San Pedropeko jaiak ospatuko dira, Jaiak Koordinakundeak berreskuratu baititu. Eta ez nolanahi, gainera. Larunbat honetarako, goizean goizetik hasita festan bezain trebeak direla lapikoa pil-pilean jartzen erakutsi beharko baitute bertaratzen direnek. Goizeko 10:00tan Sukaldi lehiaketa antolatu dute, eta ordu horretatik aurrera hasiko da animazioa herritik. Musika, kanta, dantza, jolasak, bertsoak…egitarau oparoa dudarik gabe. Arratsaldeko 18:00tan abiatuko da kalejira, eta batzuen eguna amaitzeko, eta besteen eguna hasteko, Izargi taldearen kontzertua egongo da 21:00tatik aurrera.
San Juanetan suaren inguruan salto eta dantza egiteko aukera izan ez zenutenak, beraz ,baduzue jaietara jauzi egin eta murgiltzeko aukerarik. Giroa bero dago, lehertzea baino ez da falta. Delika, Laudio zein beste edozein txokotan bazaudete, hortaz, ondo pasa!