Txaro Sarasua zinegotzi sozialistak prentsa ohar batean adierazi du, PSOEren partetik balorazio negatiboa dela PNVk eskatuta Eusko Jaurlaritzak Udal Lanbide Heziketa Eskola ikastegi publikoen sarean sartzeko hartutako erabakiaren emaitza. Sarasuaren alderdiaren aburuz, PSE-EEak 2010eko urtarrilean burututako plenoan, Lanbide Heziketako eskolak dituen gabeziak garbi utzi zituen, eta oraindik hutsune horiek bete ez izana salatu dute. Izan ere, gogoratu dute, 500 ikasletik gora biltzen direla bertan, eta segurtasun prebentziorako plana ez duela eraikinak betetzen: "epe motzean egin beharreko aldaketa asko dago; teilatu eta patioaren konponketa eta lehioen aldaketa kasu". Honetaz gain, PSE-EEak kritikatu du ikastetxeak ez duela erabilerreztasun legea betetzen, eta hori dela eta zenbait ikaslek ezin izan duela lanbide heziketan matrikulatu.
Haatik, Sarasuak dio hilabeteak daramatzala Udal Lanbide Heziketa eskolako erdi politiko eta sindikalekin egoera ezagutu eta konpontzeko biltzeko beharra aldarrikatzen, baina udalak ez duela eskaera aintzat hartu.
EAJri kritika
PSE-EEak EAJ egin du Udal Lanbide Heziketako egoeraren erantzule. Batetik, salatu dute, PNVk ez duela Hezkuntza Sailetik jasotako tratu on eta borondatearen aitorkuntza adierazi: "David Urzainqui Formakuntza Profesionalaren Sailburuordeak 131.000 euro eskaini zizkion Laudioko Udalari Lanbide HEziketa Eskolean inbertitzeko, eta udalak pasatzen utzi zuen aukera". PSE-EEren ustez, Urzainquirena ez da auzi honi dagokionean galtzen utzi den parada bakarra: "Fernando Buesa karguan zegoenean, 1993an, ikastegiari sare publikoan txertatzeko parada eman zitzaion eta Udalak ez zuen onartu".
Bestalde, Sarasuak ikastegiaren egoeraren inguruan dagoen informazio falta kritikatu du. Horregatik, jeltzaleei honako galderak argitzeko eskatu die : "Zergatik ari da EAJ orain Udal Lanbide Heziketak dituen arazoak konpondu nahian eta orain arte ez?". Gauzak horrela, ea hemendik aurrera benetan Fundazio bat izango den ikastegiaren erantzulea eta zeintzuk diren PNVren intentzioak zentroarekiko azaltzeko eskatu dio PSE-EEak EAJri.
Sarasuarentzat, Laudioko Udal Lanbide Heziketaren konponketa lanek San Martin futbol zelaiak beste garrantzia dute. "San Martineko futbol zelaiaren obretara 1.200.000 euro bideratuko dira, eta hezkuntza eta formakuntza profesionalaren aldeko apustuari garrantzia bera eman beharko litzaioke". Dena dela, krisi ekonomikoa medio, alderdi sozialistaren eskaerak egikaritzeko zailtasunak daudela onartzen dutela adierazi dute prentsa oharrean. Alabaina, aurrera begira, baldintza ekonomikoak hobetzen direnean Lanbide Heziketaren egoera konpontzeko konpromisoa hartu dute.