Amurrioko RASD elkartearen bitartez, aurten ere hamaika izango dira Aiaraldeko familietan uda pasatuko duten ume saharauiarrak. Urte asko dira Sahara herriari elkartasuna adierazteko lanean daramatzanak RASD elkarteak. Azaldu dutenez, oso garrantzitsua da haurrak etxeetan hartzeko prest dauden familiak egotea: "ume horiek kanpamenduetatik udan bakarrik ateratzen dira". Saharako bizi baldintzak urriak eta larriak direla eta, "Oporrak bakean" programaren barnean, uztaila eta abuztuan zehar hamartik gora ume saharauiar izango dira eskualdean. Ainhize Hernandezek, iaz bizi izan zuen aurrenekoz esperientzia, eta oso positiboa dela eta, ekimenarekin bat egitera animatu ditu aiararrak.
Hernandezen aburuz, tankera honetako programek normalean burutzen ez ditugun planak egitera animatzen du: "Zelaiak, itsasoa, hondartza... haurrari erakutsi asmoz egunerokoan egiten ez dituzun gauzak egiten dituzu. Haur Saharauiarrentzako bi hilabete hemen pasatzeak ondo elikatzea esan nahi du, errebisioak egiteko medikura joatea. Guretzako ordea, esperientzia izugarria da, asko ikasten da". Oporrak bizitza bati bizia emanez eta beste era batera bizi nahi dituenak, beraz, ez du aukera faltarik.