Ainhoa Comas (Amurrio, 1994) bertsolariak bihar Araba ordezkatuko du Euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapelketan. Aguraingo Harresi Aretoan izango da saioa. Bertso eskolako lagunen babespean egingo du saioa, dagoeneko animatzeko pankarta egina baitute: "Ainhoa Comas eta punto!".
Larunbatean Euskal Herriko eskolarteko txapelketako finalean Araba ordezkatuko duzu. Urduri zaude?
Ba egia esan ez asko, ez dakit egin beharreko lanak ahal neurrian kontrolpean ditudalako edo txapelketan gehiegi pentsatu ez dudalako den, baina lasai samar nago. Dena dela, hara iristean galdetuz gero, seguru asko, nire erantzuna ez da berdina izango.
Aurrenekoz bertsotan entzuten zaituen batentzako, nor da Ainhoa?
Suposatzen dut, gehienentzat, bertsotan aritzea gustoko duen neskatila soil bat izango naizela. Hala ere, saioak aurrera egin ahala, egurra jaso arren egurra emateko gogo izugarria duen eta "estilo libre" bat garatu duen bertsolari gazte bat naizela ulertuko dute. Azken hau mikroaren aurrean nik hainbeste keinu eta mugimendu egiten dituen bertsolari gutxi dagoelako diot :)
Askorentzat bertsolariak aspergarriak zarete. Zergatik uste duzu ezetz?
Suposatzen dut niri mundu hau izugarri gustatzen zaidalako dela. Niretzat bertso bat entzutea abesti bat entzutea da, gai aniztasuna eta momentuan sortzearen zailtasuna gehituz. Batzutan egia da bertso saio batzuk aspergarriak edo astunak direla, baina hori gai jartzaileen gai monotono eta bertsolarien egun txarrekin lotzen dut, ez dut uste orokortu behar denik bertsolari denak eta, ondorioz, bertsosaioak aspergarriak direla esanez. Hala ere, hau, gauza guztiak bezala, gustuen araberakoa da.
Bertsolari asko txapelaren bila joaten dira. Zu ere bai?
Nik, beste bertsolarien mailaren arabera, nire aukerak aztertzen ditut. Egia da beti dena ematera eta ahalik eta hobekien egitera joatea dela zentzuzkoena, eta hala egiten dut nik. Horregatik, eskura dezakedan saririk onena egindako lanarekin gustora geratzeak sortzen didan alaitasuna da, eta handik aurrera, txapela lortzen badut hobeto, baina eskuratzen ez badut ere ez naiz tristetuko.
Duela bi urte Arabako txapelduna izan zinen, eta aurten txapeldunorde. Zer da txapeldun izatea zuretzako?
Momentua, txapeldun izendatzen zaituzten momentua, oso polita da. hala ere, txapela, azken finean, egindako lanari ematen zaion sari soil bat da, batzutan presioa ere sortarazten duena. Izan ere, niri gertatzen zait, batez ere Euskal Herriko finalerako txartela eskuratu badut, beste bertsolarien mailan egongo ote naizen galdetzen diodala nire buruari eta beldur naizela saio txar bat egiteaz, nire tokian hobeto egin zezakeen norbait egon zitekeelako. Hala ere, uste dut benetako txapeldunak publikoa gozarazten dutenak direla, eta horregatik dago hainbeste txapeldun txapel barik.
Zer sentitzen da eszenatoki gainean mikrofonora hurbildu eta publiko guztia isilik eta begira duzunean?
Gaia esan eta pentsatzen hastean presio pixka bat sentitzen dut, nik behintzat, badakidalako publikoa nik zer esan zain dagoela, eta batzutan, bertsolarien "lana" ikusleak entretenitzea dela kontuan hartuta, publikoa aspertuko oteden beldur naiz. Bertsoa botatzean, hain kontzentratuta nagoenez, ez dut ezer sentitzen. Azkenik, bertsoa amaitu eta txalo eztanda entzutean bikain geratzen naiz. Batez ere, barreak entzutn baditut, indartu egiten naiz, et hurrengo bertsoa pentsatzen hasten naiz, publikoa irabazi dudalaren jakitun.
Banaka, binaka, lau oinak emanda...denari zerbait egiten eta esaten jakin behar du bertsolariak?
Uste dut gure lana, hain zuzen ere, hau dela, ezer esateko ez daukagunean zeozer esateko gai izatea. Baina, jendeak pentsatzen duenaren aurka, ez da horren zaila mezua bideratzea, eta, nire ustez behintzat, zailagoa da bertso osatzea azken puntua, hau da, ideia nagusia asmatzea baino.
Nori eta zergatik jantziko zenioke zuk txapela?
Sarritan esan dudan bezala, Ai Zapotxin!ei jarriko nieke, dudarik gabe. Haien animoengatik, saioz saio jarraitzeagatik, oholtza gainean dagoena ni izanda ere haiek urduri jartzeagatik... Laburtuz, haiek direlako bertso eskola, eta bertso eskola egongoez balitz ez nintzatekeelako nagoen lekuan egongo.