Arabako Txakolinak urte amairearako 40-45 hektarea gehiagotara zabalduko du ekoizpena Aiaran. Helburua, hiru urte barru milioi bat botila ekoiztea da. Getarian 2,5 milioi botila saltzen dituzte urtero, eta Bizkaian milioi batetik gora. Hori dela eta, Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapenak nazioarteko merkatura "indartsu" salto egitea erabaki du. Jose Antonio Merino bertako kideak, adierazi du, momentuz arrakasta handiarekin ari direla parte hartzen Japonia, Estatu Batuak eta Ingalaterrako merkatuetan. Haren ustetan, aurtengo uztak utziko dituen 336.000 botilen salmentari esker aiarako ekoizleek arnasa lasai hartzeko aukera izango dute. "Arabako Txakolinaren Historiako produkzio daturik altuena da". Orain arte ekoizpena eskasa izan da, eta eskaria altua. "Erreserbak oso arin bukatzen zitzaizkigun, eta abuzturako, ostalari asko arabako txakolinik gabe geratzen ziren". Merinok nabarmendu du, Artomañako Eukeniren txakolindegia dela Araba osoa botila gehien saltzen duen upategia, 150.000 hain zuzen ere.
Bi upategi berri
Txakolinak lur gehiago hartzearekin batera, bi bodega irekiko ditu Aiaraldean. Artomañako Eukenik, orain arte Amurrioko Xarmant bodegan zaintzen zituen mahatsak. Bestalde, Arzabro Delikako txakolindegiak instalazio propioak eraikiko ditu Amets markapean txakolina botilaratzeko. Azken honek, 18.000 botila saldu ohi ditu urtero. Honenbestez, zazpi dira dagoeneko Aiaran txakolina ekoizten duten upategiak: Laudioko Garate eta Beldui; Amurrioko Txomin Solaun, Xarmant, Artomaña eta Arzabro; eta Okondoko Señorio de Astoniza.