Lauren Uria Eusko Alkartasunako Aiarako zinegotziak Udaletxeak antolatzen dituen ekintza publikoak Luiaondon burutzea proposatu dio Aiarako Udal Gobernuari. Zerbitzu publikoak erabiltzaileei hurbiltzeko asmoz, uda honetan aurreikusten diren haurrentzako kirol ekintzak Luiaondoko ludotekan izateko beharra azpimarratu du. Uriaren esanetan, "Luiaondo da Aiarako Udalerrien nukleorik populatuena, bertan bizi dira erabiltzaile gehienak". Dena dela, adierazi du, nahikoa eskari balego Arespalditzan ere eskaini beharko litzatekeela zerbitzua. "Luiaondoko ludoteka berria da, E Planaren diruarekin hornitutakoa eta ezinhobea da era honetako ekintzak burutzeko". Gaineratu du, uztailean zehar Udaletxeak antolatu dituen irteerak garrantzitsuak direla oporretan ez dauden eta haurrei jaramon egiteko arazoak dituzten zenbait gurasorentzat. "Umeak uzteko goizero kotxea hartu eta Arespalditza edo Etxaurrenera eraman behar badituzte, litekeena da Laudio edo Amurriora eramatea haurrak, distantzia gutxiago dagoelako eta eskaintza handiagoa". Horregatik, Uriak dio, Aiarako Udaletxeak ulertu gabe jarraitzen duela era honetan soilik lor daitekeela zerbitzuek arrakasta izatea eta inbertsio publikoari etekina ateratzea.