Ezker abertzaleko Arabako Biltzarkideek jakitera eman dutenez, Aiara eskualdea Gasteizekin komunikatzen duen 50 autobusetik zazpik bakarrik daramate hogei lagunetik gora. Autobus prezioaren %50eko igoera salatzeko Arabako Biltzarretan sartutako mozioa herenegun bozkatu zen. Ezker Abertzaleak prentsa ohar batean adierazi du, 2009ko maiatzaren 17an autobus zerbitzua lan ordutegien logikaren baitan eskaintzeea eskatu zuela, hau da, goizeko 8:00tan helmugara iritsi eta itzulera 15:00 eta 17:00tan burutzea. Honetaz gain, erabiltzaileei deskontuak aplikatu eta ibilbide hauen iraupena laburtzeko eskatu zuten. Astelehenean hartu zen erabakia, eta EBk izan ezik gainerako alderdi guztiek, hots, EAJ, EA, PSE eta PPk, aurkako bozka eman diote. Hori dela eta, autobus zerbitzua "oso eskasa" dela nabarmendu dute biltzarkideek.
Foru Aldunditik, egungo autobus zerbitzuetan inolako aldaketarik egin ezin zitekeela adierazi dute. Ezker Abertzalearen iritziz, iraupen, ibilbide eta ordutegia aldatzeko ez litzateke arazorik egon behar: "prezioak igotzeko ez dute inolako arazorik izan". Gaineratu dutenez, "apenas dago lan ordutegiaren logika errespetatzen duen autobus zerbitzurik. Herri askotan eta Gasteizen bertan geltoki askotan geratzen da, kotxez 40 minututan egiten dena autobusez 75-90 minutuan eskaintzen da. Bestalde, prezio txarrek eraginda- joan etorriak atera ezean 9 euro baino gehiago balio ditu eta bono eskuratuz gero 6 euro baino gehiago- erabiltzaile kopurua eskastu da".
Azaldu dutenaren arabera, Aiara Gasteizekin lotzen duten 51 autobus zerbitzuetatik batek ere ez darama 28 lagun baino gehiago bataz bestekoz "autobusa ez da inoiz erdia baino gehiago betetzen". Horietatik 21ek 10 lagun edo gutxiago daramate, 8 autobusek 5 bidaiari edo gutxiago, eta soilik 7 autobusek dituzte 20 lagun baino gehiagoko erabiltzaileak.
Ezker Abertzalearen iritziz Autobuses La Unionekin indarrean dagoen kontratua lehenbailehen moldatu beharra dago, eta hori egiterik ez balego, garraio zerbitzu publiko duin bat bermatzeko beste konpainia baten zerbitzuak kontratatu. Gaineratu dute, Aiara eskualdeko herrietako alkateak Luis Zarrabeitia Herri Lan eta Garraio Diputatuarekin bilera egiteakoak direla. Horregatik , Ezker Abertzaletik EAJ eta EAkoak diren alkateei aiararren eskubideak berma ditzatela exijitu dieteeta Aldundian gobernatzen ari diren beraien alderdiek (EAJ-EA) jarrera lehenbailehen alda dezatela exiji diezaiela. "Hori al da jasangarritasunean oinarrituriko autobus zerbitzua eskaintzeko Aldundiak egiten duen apustua? Horiek al dira garraio publikoa sustatzeko ezarri beharreko prezioak?".
Gasteizeko autobus zerbitzuaren erabiltzaileek bonoak ez igotzeko eskatu diote Diputazioari
Aiara eta Gasteizko autobus linea erabiltzen duten herritarrek, prentsa ohar batean onartezina dela Laudio, Amurrio eta Artziniegatik hiriburura joateko %50eko igoera adierazi dute. Azpimarratu dutenez, Arabako diputazioak hartutako erabakiarekin garraio publikoari eraso egin dutela uste dute. Hori dela eta, igandean Amurrion ospatutako Euskal eskola publikoaren jaian eta Laudioko kaleetan kartelak itsatsi zituztela herritik gogorarazi zuten. Herritar hauen iritziz Aiarako garraioak inoiz jasan duen subentzioen murrizketa handiena, Aiarako eskualdean eman da. Arabako Diputazioak hartutako erabakien ondorioak aitortuko balitu, krisi garaietan iritzi publikoak onartezintzat joko lukeela nabarmendu dute. Haatik, Aiarako udaletxeei inplikazioa eskatu diete Diputazioak hartutako erabakia alda dezan. Erabiltzaileen hitzetan, "Aiara izanik bidaiari gehien hiribururatzen dituen eskualdea, era honetako murrizketa sozialek zerbitzu publikoaren beharrak zeharo kaltetzen ditu".