Beraza Garai auzoak itxura berria izango du irailetik aurrera. Izan ere, Orozkoko Udalak 500.000 euro bideratuko ditu auzoa herrigunearekin komunikatzen duen errepide zein etxebizitzen sarbidea berritzera. Auzokideek bizi duten arazoa konpondu asmoz, espaloien zabalera handituko dute. Aurkeztutako proiektuan bildutakoaren arabera, inguruko lur eremuak mugituz auzora sartzeko zubia moldatuko dute. Honetaz gain, oinezkoen mesederako, espaloi berri bat eraiki eta argiztapen eta telefono sistema lurperatuko dute. Orotara, 465 metroko eremuan egingo dituzte lanak, eta Udalak adierazi duenez, espaloirik zabalenak bost metroko galtzada eta bi metroko oinbidea izango du.