Laudioko Udalbatzak atzo onartu zuen eskualdeko zabor sistema Laudiok kudeatzea. Hala, Envac enpresa, Villosako biribilgune ondoan dagoena, izango da sistema neumatikoaren kudeaketa eta mantenimenduaz arduratuko dena. Egin beharreko lanen artean balbulen mantenua, konponketa, kaleko buzoietako egoera konprobatzea, energia elektrikoaz arduratzea eta herritarrak informatzeko komunikazio kanpaina daude. Ardura aurrera eramateko, Laudioko udalak 80.000 euro bideratzen zituen orain arte, baina 52.800 euroko ordaina jasotzea zerbitzuengatik hitzartu dute.
Aiarako Kuadrillak, berriz, Urazca enpresaren bitartez herrietako zabor organikoa, ontziena eta paper zein kartoizkoa Laudiora garraiatzeko erantzukizuna hartu du bere gain. Hondakinak, Kuadrillako kamioietan Laudioratuko dira, dagozkien birziklatze zentru edo zabortegietara bideratzeko. Honetaz gain, adierazi du, Laudion zehar kokatuta dauden zabor sistemako 35 islaren garbiketaz eta 104 buzoiren hustuketaz arduratuko dela. Goizeko 6:00etatik 8:00tara eta egunero burutuko dituzte lanok eta hamabostero behin hondakin buzoiak eta hauen inguruak garbitu beharko dituzte postu hori hartuko duten langileek. Gaizka Amorrortu ezker abertzaleko zinegotziak, udal gobernuari onartutako proiektuari buruzko informazioa eskatu zion: " ezezaguna den informazioa argitzea nahi genuke, hala nola zenbateko kostea suposatu duen zabor bilketa sistemak hala zenbateko desbiderapena izan duen hasiera bateko aurrekontuak". Jon Karla Menoio alkateak, gaiari buruz hitz egiteko batzar bat egingo zuela esanez erantzun zion, "zerbitzuaren ekarpena sistemak funtzionatzen daraman urtebete honetako perspektibarekin aztertzeko".