Ainhoa Comas amurrioarrak Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean kantatzeko txartela lortu du, Oiongo Edurne Azkarateren atzetik. Atzo, hamar lagunen aurrean jokatu zuten kanporaketa eta Azkaratek zein Comasek, Elyem Chej (Legutio), Julen Eizagirre (Amurrio), Endika Sarabia (Oion) eta Igor Ruiz de Azua gasteiztarrari hartu zioten aurre. Elyem Chejek amaierako agurrean kantatu bezala, "zapore goxoa" utzi zuen afaria izan zen atzokoa. Izan ere, arabar bertsolariek gazteak izan arren bertsoetara eta bertsoetan heldu direla erakutsi zuten. Unai Mendibil larrinbearrak gidatu zuen saioa. Zortziko handi eta txikian bina bertso eta lau oinak zein hitza emanda bertso bat. Horiek izan ziren egin beharreko lanak. Txalo zaparradekin batera, tarteka, barrea izan zen atzokoan protagonista.
Kanporaketa bakoitzetik bi onenak sailkatuko dira Legution maiatzaren 29an ospatuko den final handirako. Ainhoa Comasek, beraz, duen indarra bildu, gorde eta erakutsi beharko du txapela jantzi ahal izateko.