Butroe eta Lamuza kaleak batzen diren eremuan aparkaleku bat eraikiko dute. Orotara, 15 ibilgailurentzako tokia egongo da. Horietako bat elbarrituentzako berezitua izango da, eta 397.000 euro bideratuko dituzte obra hauetara. Juanjo Unzaga Hirigintzako zinegotziak adierazi duenez, ostegunean onartu zen behin-betiko egitasmoa. Proiektua gauzatzeko lehiaketa, beraz, aurki irekiko dute.
Aurkezten diren enpresen artean garaile ateratzen denak uda honetan ekin beharko dio egitasmoari. Unzagaren arabera auzokideak askotan kexatu dira plaza eraikitzekoak diren gunea baztertua eta segurtasunik gabea delako, txatarrero oiharen baserria kasu. Aurreratu duenez, baserria bota eta aparkalekua berritzeko asmoa dute. "Butroe kaleko etxeetara doan aldapa mantendu egingo dugu baina oinezkoak soilik igaro ahalko dute". Bestalde, atarietarako sarrera, harmaila bidez konponduko dute "ailegaerraztasun arautegia bete dezan". Autoek, Lamuza kaleko babes ofizialeko etxebizitzen gunetik izango dute plaza triangeluarrean sartzeko aukera.
Aurrera begira, egungo proiektuan sartzen ez den arren, Juanjo Unzagak ez du baztertu Laudiok izango duen plaza berriari jolasteko gunea gehitzea. "Momentuz ez dugu egingo, baina plazaren inguruan umeentzako eta adinekoentzako ariketa egiteko txokoa egotea gustatuko litzaiguke".