Ganbegi 6-2 Hockey taldeak ligako partidarik garrantzitsuena jokatuko du gaur Gijóneko unibertsitateko zelaian. Izan ere, RGC Covadonga taldearen aurka irabaztea ezinbestekoa du Espainiako ohorezko lehen mailan jarraitu ahal izateko. Galdu egiten badute, Pasaiako Trintxer eta Santanderreko Sardinero taldeen emaitzen zain geratu beharko dira.
Ligako hamalaugarren jardunaldi honetarako, Iñaki Olaguenaga entrenatzailearen esanetara arituko dira defentsa lanetan Endika Mendibil, Iker Cuartango, Asier Beraza, Hector Borge eta Julen Arija. Zelaiaren erdialdean berriz, Galder Garaio, Miguel Angel Ruiz eta Endika Garaio kokatuko dituzte. Sergio Perezek, zelaiaren erdialdera igorritako pilotak aurrera eramateko zama hartuko du. Aitor Suarez eta Peio Garaiok, ordea, aurrelari gisa ahalik eta gol gehien sartzeko lana izango dute. Hector Borgek adierazi duenez, "RCG Covadongak ez du ezer jokatzen partidu honetan. Liga honetako bigarren postua ziurtatua du".
Bestalde, jakinarazi du gaur eta bihar hainbat partidu izango direla ikusgai Laudioko Gardeako zelaian. Batetik, Atletico San Sebastian eta Zaragoza taldeek indarrak neurtuko dituzte arratsaldeko lauretan. "Atletico San Sebastian talde donsitiarra matematikoki Espainiako lehen mailako txapelduna da". Bestetik, bihar eguerdiko 12:30tan, donostiarrak RC Jolaseta Getxoko taldearen aurka jolastuko dute. Jolaseta taldeak igandeko garaipena behar du Ohorezko gizonezko mailako bigarren taldeko bigarren postua eskuratzeko. "Une honetan bere taldeko hirugarren postua du Jolasetak, 8 puntu ditu, FC Barcelona taldeak baino bat gutxiago. Igandeko norgehiagoka irabazten badu, bizkaitarrek ez dute jaitsiera postuetan sartu, eta ondorioz, azkenengo ligaxkan kategoria erabakitzeko arriskurik jasango".