Laudioko eragile sozial, sindikal, kultural eta politikoek maiatzaren 3an udaletxeko teilatutik Espainiako bandera eskegi izana salatzeko mobilizatzera deitu dituzte herritarrak maiatzaren 28an arratsaldeko 20:30etan burutuko duten manifestazioan. "Inposaketarik ez, herriaren borondatea errespetatu" lemapean Laudioko alkate eta bere gobernuak Espainiako Auzitegi Gorenaren agindua betetzea herritarren borondatea errespetatzea baino nahiago izan dutela aldarrikatuko dute.
Prentsaurrekoan adierazi dute indar unionistek espainoltasuna sententzia edo legez inposatu eta "bere burua abertzaletzat daukan alkatearen laguntzaz baliatu direla". Gogorarazi dute, Euskal Herrrian badirela 80. hamarkdadan auzipetuak izan ziren alkate eta zinegotziak soldaduzkari buruzko espainiar legealdiak suposatzen zuen inposaketa ez betetzeagatik. "Hauen lanari esker, Euskal Herria garaile atera zen". Hainbat herritarren ustetan, "gaurko inposaketaren ikurra udaletxeko teilatuan ikus daiteke". Horregatik, aurka daudela adierazteko mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte laudioarrak. "Argi daukagu herri honen gehiengoak bere etorkizuna zuri, gorri eta berdez idatzi nahi duela". Gaineratu dute, bandera espainiarrak Euskal Herriaren ukazioa eta beraien buruaren jabe izateko zein etorkizuna eratzeko eskubidearen zapalkuntza ordezkatzen duela. Hori dela eta, aberri eguna ospatzeko martxoaren 27an hasi ziren ildari eutsi eta euskal nortasunaren aldeko konpromezua berretsi eta ikurrinaren defentsan lanean jarraituko dutela jakinarazi dute.