Ezker Abertzaleko zinegotziek, San Martin futbol zelaiko lanak egiteko esleipen prozesuan egin diren moldaketak Pagolar enpresaren onurarako egin direla kritikatu dute. Azaldu dutenez, duela aste bete, apirilaren 30ean lanen kontratazio eta esleipen txostena onartu zen “baina txostenaren laugarren puntuak prozedura ireki eta premiazko izapide bitarteko esleipena zela adierazi arren, gai hau guztia atzerapenarekin dator”.
Lanak aurrera eramateko onartutako proiektua Ingeniería y Construcciones S.L. enpresarena da. Proiektu hau, lehenago ere onartu egin zen 08.12.19an izandako Gobernu Batzordean. Bertan, lanean arituko diren enpresa kontratistak G-4-f sailkapena izan behar dutela adierazten da. Horregatik, ohartarazi dute, badirela sailkapen honen barruan sartzen ez diren enpresak, Pagolar kasu. “Pagolar enpresaren buruak espresuki eskatuta, prozesu guztia atzeratzen da. Zertarako? 10.04. 30eko Gobernu Batzordean San Martin konpontzeko proiektuko enpresa sailkapenaren moldaketa egin zedin”. Hala, gaineratu dute, moldaketa honek enpresa kontratistei eskatutako maila G-6-d-ra jaisten duela, eta Pagolarrek ondorioz esleipen prozesuan parte har dezakeela. “Moldaketa hau, 10.04.22ko Udal Arkitekto Tekniko eta Obra Buruaren aldeko txosten bati esker egiten da. Eta udal teknikaria eta Pagolar-en burua adiskideak direnik, ezin ahaz dezakegu”.
Irregulartasun susmoak
Ezker Abertzalearen aburuz, Laudioko Udalean PNVren kudeaketaren “alde ilun bat gehiago” baino ez da gertatutakoa. Beraien hitzetan, Pagolar enpresa eta Laudioko Udalaren arteko harremana ezin da ahaztu. Jose Matia kaleko etxeen kasuan, gogoratu dute, “Pagolar eta PNVren axolagabekeria” izan zirela kontratua ez betetzearen arduradunak. “Ez betetze honek ondorio ekonomiko larriak izan zituen Udalarentzat eta enpresa honek Gobernu Taldeagatik lagundua eta kontratatua izaten jarraitzen du”.
Haatik, Udal kutxak hustu eta sakel pribatuak betetzen dituen politika “interesatu eta ustela” bukatzeko eskatu dute. "Zergatik egiten da aldaketa hau orain, proiektua lehen aldiz onartu eta bi urtetara? Pedro Lopez Lopez eta Raquel Lopez Martinez Bide Ingenieriek ez al dakite zer motatako enpresa behar den eurek egindako proiektua aurrera ateratzeko? Zergatik PNVk mesede egiten dio udal diru-kutxari horrenbeste kalte egin dion enpresari?". Hori dela eta, San Martin futbol zelaiko lanak egiteko Pagolar eta PNVren artean harreman bakarra adiskidetasunezkoa dela eta ez ekonomikoa baieztatzea eta esleipen prozesuan gertatutako guztiak argitzea eskatu dute.