Amurrioko eta Laudioko alkateek ingurumenaren kudeaketa egokia aitortzen duen bandera berdea jasoko dute gaur. Amurriok, bost kategoriatan hartu du parte: zabor bilketan, garbiketa eta lorazaintzan, ingurumenarekiko konpromisoan, uraren kudeaketan, ingurumen heziketa eta herritarren parte-hartzean, eta kontsumo eta kutsaduran. Pablo Isasi Amurrioko alkatea pozik azaldu da "saria azken hamar urte hauetan egindako lan programari zor zaio, horri esker izan dugu hobekuntza etengabea".
Laudioko Udalari Amurriokoari beste aitortza eskaini zaizkio, salbu uraren kudeaketarena. Juanjo Unzaga hirigintzako zinegotziaren esanetan ez dira kategoria horretara aurkeztu "ez dugulako ur haraztegirik". Aurtengoarekin, bost dira ingurumenaren alde egindako lana eskertzen dioten bandera berdeak. Nabarmendu duenez, azken hilabeteetan paper eta ontzien birtziklatzea hazi da eta ikastetxeek ingurumenarekin egindako lanketak, negutegi efektua neurtzeko aurrera eramandako gas azterketak eta klima aldaketari aurre egiteko planak eragin handia izan dute.