Donostiako hockeyko Realeko jokalariek Gardeako zelaian jokatuko dituzte Espainiako lehen mailako azken bi jardunaldiak. Talde donostiarrak Bera-Bera (Donostia) zelaian entrenatu du orain arte, baina zelaiaren konponketak direla-eta, herenegundik entrenatzeko leku gabe geratu dira. Maite Jaunarena Realeko kapitainak gogor kritikatu du erabakia : "Nola da posible, denak lehiaketan gaudenean, Gipuzkoako belar hockey guztia hilabetez entrenatzeko eta jokatzeko tokirik gabe uztea?". Izan ere, Realaz gain ugariak dira kirol hau praktikatzen duten donostiarrak.
Etxeko zelaia izatea berebiziko garrantziatzat du Jaunarenak. Izan ere, aurki hasiko dituzte titulua eskuratzeko kanporaketak, eta aukera handiak ditu talde donostiarrak. Gipuzkoako erakundeek hiru alternatiba eman dizkiote Realari, Donostiako Puiu auzoko zelaia, Zubietakoa edo Laudiokoa. Horietako bakar batek ere ez ditu asebete Realeko jokalariak baina Laudiokoa erabiltzea iruditu zaie "bideragarriena". Jaunarenak urruntasunagatik, senitarteko, lagun eta zale asko ezingo direlako gerturatu du pena. Dena dela, dio, taldeak berdin borrokatuko du, ilusio berberarekin, baina etxeko partidak Laudion jokatzea "kontrarioarentzat zelai neutroa" izatea da bere ustez.
Bi aste barru beraz, Laudion izango da Espainiako emakumezkoen lehen mailako titulua lortzeko borroka.Titulua Euskal Herrian geratu edo ez, emaitzek esango dute.