Laudioko Udal gobernuak Auzitegi Gorenak emandako agindua betez, bandera espainiarra udaletxean jarri du. Teilatuan ikus daitezke orain bi mastadun bandera, espainiarra ezkerrean eta ikurrina eskuman.
Duela bi hilabete egin zen osoko bilkuran bandera ez jartzeko ezker abertzaleak aurkeztutako mozioa onartu bazen ere, udal gobernuak epaitegiaren agindua bete egin du.
Alderdi politikoen zein herritarren jarrerak oso desberdinak izan dira afera gatazkatsu honen inguruan. Honela, Alderdi Popularreko Carlos Urquijok adierazi duenez, “30 urtetan ez da legea errespetatu eta bada ordua sentikortasun guztiak ordezkatuak izan daitezen”. Zentzu berean agertu du iritzia Txaro Sarasua PSEko eledunak; “legea bete beharra dago”.
Gaizka Amorrortu Ezker Abertzaleko kidea izan da udal-gobernuak hartu duen erabakia gogorren gaitzetsi duena: “inposaketa honen aurrean gure herrian ikurrina defendatzeko kemenik ez badute bertatik kendu daitezela”. “Inposaketa honi herri bezala erantzun behar diogu eta zentzu horretan indarrak biltzeko deia egiten diegu beste alderdi abertzaleei eta eragile sozialei, bandera espainiarrak errepresioa eta herri ukapena ordezkatzen duelako” adierazi du beste alderdiekin hartu emanak iragartzearekin batera.
Eusko Alkartasunaren Laudioko koordinatzailea den Iñigo Martinezere inposaketa honen aurka mintzatu zen independentistak sareak Laudion antolatutako Ikurrinari omenaldian; “inposaketa honen aurka gaude eta herritarrak mobilizatzera deitzen ditugu”.
Jon Karla Menoio alkateak ere Gorenaren erabakia ez zaiola gustatzen adierazi izan du, “epai irmo bat dago eta betetzea dagokigu guri, nahiz eta gure alderdia ados ez egon”.
aiaraldea.com-ek herritarren iritziak bildu zituen gai honen inguruan, bideoa bertan ikusterik duzue.
Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz, Espainiako bandera eskegi dute Laudioko Udaletxean. Iinfraestruktura pasa den astean jarri zuten udaletxeko zenbait langilek, eta gaur goizean jarri dute bandera ikurrinaren alboan.