Francesco Gavazzik irabazi du Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa. Vianan hasitako lasterketak Aiaraldeko zenbait herri zeharkatu ditu eta Mendeikako portua igo ondoren, Amurrion eta esprintean erabaki da garailea. Orotara, 187 kilometroko ibilbidea egin dute txirrindulariek.
Jende andana hurbildu da Urduña eta Amurrioko errepideetara txirrindulariak animatzera. Arratsaldeko 16:30etan, herrigunea jarraitzailez bete da. Gehienek Alejandro Valverde zutela faborito adierazi dute, baina orain arteko liderra ez da esprintean sartu eta Francesco Gavazzik hartu dio aurre. Vianatik 18 kilometrora egin dute ihes Egoi Martinez, Michael Albasini, Eduard Vorganov, Remy Di Gregorio eta Alain Perez zein Iban Mayoz euskaldunak. Alabaina, helmugatik hiru kilometrotara tropelak harrapatu egin ditu, eta ondorioz, esprintean erabaki da garaipena.
Horatz, ezustekodun karrera izan da Aiaraldekoa. Izan ere, Oscar Freirek bigarren zapaldu du helmuga, eta sailkapen nagusiko lehen postua lortu du. Bihar Murgia-Zuiatik ekingo diote Euskal Herriko Itzuliko laugarren etapari, eta Eibarrera bitarte 160 kilometro egin beharko dituzte.