Sokaide musika talde aiararrak diska aurkeztu du Bilboko Lur Soinuak musika eskolan. Kaleratu duten aurreneko lana da eta Ortozik izenburua jarri diote. Hala, prentsaurrekoa eman dute Igon Olaguenaga eta Naroa Gaintza trikitilari zein abeslariek, Urko Izquierdo bibolin-jotzaileak, Alex López baxu-jotzaileak, Josu Barrenengoa bateria-jotzaileak eta Ander Tejerina kitarra-jotzaileak.
Diskoan estilo eta ukitu ezberdinetako hamar abesti bildu dituzte. Grabaketa prozesua Urduñako Antiguako estudioan egin dute, Javi Palaciosen agindupean. Edizioa, aldiz, Balea Musika Ideiak estudioan garatu da, Asier Ercilla eta Unai Gonzalezek zuzenduta. Urko Izquierdok adierazi du, euskal musika eta kulturaren espresio berri bat dela Ortozik lana. Haatik, zuzeneko kontzertuetan horren guztiaren ispilu izaten saiatuko dira. Horretarako, taulagainean, musika eta dantza uztartuko dituzte Naroa Gaintza abeslariak eta Iban Sandonis dantzari deustuarrak.
Azaldu dutenez, folka nagusi bada ere bestelako tendentziak soma litezke. Ortozik eta Mireia izeneko kantetan, adibidez, arin-arin eta fandangoa da nagusi, baina Paganoa izeneko abestia alboka eta txalaparta soinuekin jantzi dute.
Aurkezpen kontzertua, Amurrion
Diskaren aurkezpena, Aiaraldeak antolatuta, Amurrioko Antzokian egingo dute maiatzaren 1ean 20:00etan. Bertan, lanean parte hartu duten Ibon Koteron albokaria, Imanol Ubeda abeslaria eta Kepa Junkerarekin txalaparta eta perkusio lanetan aritu diren Argibel Euba eta Iñigo Olazabal musikariak ere izango dira. Iragarri dutenez, Amurrioko Antzokian diskoan haiekin batera ibili diren artistak ere oholtzaratuko dira.
Sokaide taldea "sokak eta aireak" ezaugarritzen du. Hain zuzen ere, horregatik jarri ziotela izena taldeari argitu du Igon Olaguenagak. Berea izan zen duela hiru urte proiektua sortzeko ideia. Urko Izquierdorekin batu eta ondoren osatu zuten Sokaide taldea From Lost to the river taldeko Alex Lopez eta Josu Barrenengoa amurrioar musikariekin. Ahotsa Naroa Gaintza deustuarrak jarri dio. Bera da Amurriokoa ez den taldekide bakarra. 2009an maketa grabatu eta Mendebaldea folk lehiaketan hartu zuten parte, eta finalera iritsi ziren. Gaintzaren arabera, aurreneko kontzertua iazko maiatzean Bilboko Kalderapeko tabernan eskaini zuten. "Hurrengo kontzertua irailean eman genuen, Ermuako Folkez Blai estatu mailako folk txapelketan, eta Ermuakoan irabazle izan ginen".
Maiatzaren 1ean Amurrion jotzeaz gain, maiatzaren 8an Urduñan dute zita Sokaidekoek. Ekainaren 5-6an Euskal Eskola publikoaren jaian ere ariko dira, baita uztailaren 3an Sopuertan (Bizkaia) ospatuko den Mendebala jaialdian ere.