Aste honetako agenda proposamenak Amurriora garamatza oraingoan. Aiaraldean badirudi bertsolaritzak erritmo txukuna daramala, eta Arabako koadrila arteko txapelketan parte hartzen ari dira Altubepekoak. Igande honetan, eskualdeko neska mutilez osaturiko zortzikotea izango dugu Amurrio Antzokiko taula gainean, giroa berotzeko prest.
Unai Mendibil, Iker Ibarrola, Izar Mendiguren, Serapio Lopez, Ainhoa Comas, Julen Eizagirre, Nekane Aginako eta Iñaki Cabeza-k osatzen dute lan taldea. Eta esan beharra dago, bide onetik doazela…. Aiaraldeko herri bakoitzetik bertsolari, gai jartzaile eta epaile eroenek hasi zuten Kuadrilarteko txapelketa, eta Oion eta Lezamako saioak irabazi ostean, Arabako txapelketako finalerdietara ailegatu dira gure gazteak.
Bada, igande arratsaldean izango da finalera sartu edo ez erabakitzeko azken saio eta saiakera. Aiaraldeko bertsolariei Aiaraldeko epeltasuna erakusteko moduko hitzordua, bai jauna! Arratsaldeko 5terdietatik aurrera, Aramaioarren trebetasunari aurre egin beharko diete bertako inprobisatzaileek.16 urtez beherakoentzat doako sarrera izango da. Sarrera arruntak 5 euro, eta bazkideentzako 3.
Araba aldean, astebururako zita galdu ezina. Aurrera Aiaraldea!