Ezker Abertzalearen Biltzarkide Taldeak Arabako Foru Aldundiari A-625 errepidean 369Km eta Latiorroko sargunearen artean errepideak hondoratuta aste asko daramatzala eta, hondoratze horren zergatia eta errepidea konpontzeko epe zein aurrekontuei buruz argipenak eskatu dizkio Mikel Zarrabeitia Herri Lan eta Garraio Diputatuari.
Amurrio eta Laudio batzen dituen errepide hau egunero milaka gidarik erabiltzen dutela eta, Ezker Abertzalearen talde Biltzarkideak lotsagarritzat jo du konponduta ez egotea. Adierazi dutenez, Aldundiak 40 km/h abiaduran joateko bide seinaleak jartzea baino ez du egin. Haatik, prentsa ohar bidez, Aldundiak 600 miloi euro baino gehiagoko aurrekontua kudeatu arren, eguneroko premiei ez diela behar bezala erantzuten salatu dute. "Aldundiak planak eta planak onartzen ditu baina gai batzuk ezin dute planak martxan jarri arte itxaron". Horren adibidetzat jo dituzte A-625 errepideko errepidearen hondoratze kasua, txirrindulari elkarteek Luiaondoko saihesbidean tunela egiteko proposamena eta Gasteiz Aiara eskualdea lotzen duen autobus zerbitzuen ordutegia hobetzeko dauden zailtasunak.